Igandean 122 herritan egingo den kontsulta «historikoa» da, Batera-ren irudiko
2010-03-10. Berria| Jenofa Berhokoirigoin. Baiona,
Ipar Euskal Herriko hautesleen %91,54k ‘Euskal lurralde elkargo baten alde al zira?’ galderari erantzuteko parada dute igandean.
Prefetak auzapezei igorri bigarren gutuna konstituzioaren aurka doala dio Batera-k
Igande honetan Batera plataformaren bozka mahaia 122 herritan aurkituko da, hots, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako lau herrietarik hirutan. Euskal lurralde elkargo baten alde al zira? galderari erantzuteko aukera ukanen dute 189.422 herritarrek, Ipar Euskal Herriko hautesleen %91,54k.
«Inoiz ikusi ez den mobilizazioa» izaki, pozik daude Batera-ko kideak. Erdiespen hau ikusirik, «egun historikoa» izango dela argi dute.
Jakes Bortairu Batera-ko kideak bozkatzera joateko deia egin du: «Jendea bozkatzera joatea nahi dugu, eztabaida ez lurperatzeko». Gainera, lurraldea berrantolatzeko garaia izaki, «eskakizun hau bete-betean aktualitatean sartzen» dela zehaztu du Sauveur Baxo Arberatzeko (Baxenabarre) auzapezak. «Erreformarekin Euskal Herria desagertzea ez dugu nahi», gehitu du Martine Bisauta Baionako hautetsiak.
Atzo aurkeztu zituzten, Baionan, antolakuntzari doazkion azken berriak.
Lehen urratsa, irabazirik
Mila laguntzaileri esker Ipar Euskal Herriko herrixka eta hiri gehienetan presente izatea «jada irabaztea» dela dio Bisautak. «Arrakasta» horrek euskal lurralde elkargoari buruzko galderari erantzuteko «gogo handia» erakusten duela dio. Bortairuk, berriz, «Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren arazoa bizirik» dela agertzen dela gehitu du, eta «Euskal Herriaren ahotsa entzunarazteko» xede dutela.
Antolaketa garaian harrera «ona» ukan dutela zehaztu du Nikolas Blain Makeako hautetsiak. Hala nola 90 auzapezen sostengua daukate, eta haiek alderdi anitzetakoak dira. Bestalde, Auzapezen Biltzarraren sostengua daukate. Justuki, Panpi Dirazar hautetsiak dioenez, «indar politikoen aniztasunak du gure indarra egiten». Adibidez, Garaziko, Donibane Lohizuneko, Ezpeletako, Baigorriko, Hendaiako eta Hiriburuko kantonamenduko herri guztietan egingo da, baita Baiona-Angelu-Miarritzen ere.
«Demokrazia parte-hartzailearen adibide eder bat» dela dio plataformak.
Prefetaren bigarren gutuna
Martxoaren 1ean eskuratu zuten Pirinio Atlantikoetako Departamenduko auzapezek Philippe Rey prefetaren bigarren gutuna. Urtarrilaren 22koaren gisara, oroitarazten die auzapez eta kontseilariei galdeketaren antolaketan ezin dutela parte hartu. Prefetak diona «arras gezurra» dela eta «konstituzioaren aurka» doala azaldu du Jean Rene Etxegarai Baionako hautetsi eta juristak. Prefeta «demokraziaz beldur» dela ondorioztatu du. Bortairuk oroitarazi duenez, «ez da inoren aurka antolatua», «ariketa demokratiko bat» besterik ez da. 2002an sortu zen Batera, Euskal Herriko Laborantza Ganbera, berezko unibertsitatea, euskal departamendua eta euskararen koofizialtasuna eskatzeko. Euskal departamenduari doakionez, 1999an, 12.000 lagun atera ziren karrikara; 2005ean, Ipar Euskal Herriko auzapezen %64 horri buruzko kontsultaren alde agertu ziren; 2008an, departamenduko 36.000 lagunek kontsultaren eskaera sostengatu zuten.
Zenbakitan 122 Herri kopurua.
Batera-k sustatutako herri kontsulta 122 herritan egingo da. 90 Sostengu kopurua. 122 herrietatik 90 herritako auzapezek eman diote babesa herri galdeketari. 189.422 Kontsultatuak. Galdeketa ia 190.000 hauteslerengana iritsiko da, eta, nahi izatera, horiek erantzun ahal izango diote Batera-ren galderari.




