Ezin epaitu
2010-03-09. Berria| Xabier Lekuona.
Bost lagun atxilotu zituen Guardia Zibilak iazko azaroan. Nafarroan gehienak. Epaileak egotzi zien legez kanpoko gaizkile taldeko kide izatea eta mehatxuak egitea, beldurraraztea eta kalteak eragitea. Bi 6.000 euroko bermea ordainduta libre gelditu ziren berehala, eta beste hirurak espetxeratu egin zituzten. Epaiketaren zain daude. Harritzekoa bada ere, bost lagunak kalean dira jada, aspaldi esango nuke nik, apenas espetxea zer den ikasi gabe epaileak berehala kalean jarri baitzituen gainerako hirurak. Zortekoak horiek.
Epaitu egin behar dituzte, bai, baina ez dakite non. Auztitegi Nazionala inhibitu egin da, eta Nafarroako Auztitegiko epaileak dio ezetz, hori ez dela berea, Auzitegi Nazionalekoa baizik. Bost lagun horiek kutxazain automatiko bat erre izan balute edota AHTko hondeamakin bat hondatu izan balute, Auzitegi Nazionalean epaitu eta egurtuko zituzten. Baina Falange eta Tradicionekoak direnez, Bilboko txupinerari bala bat bidal diezaiokete, 36ko gerran -eta ondoren- frankistek fusilatutakoei egindako oroitarriak txiki ditzakete, heriotza mehatxuak bota, 25 ekintza bortitz bere gain har ditzakete, eta epaileek jarraituko dute eztabaidatzen non epaitu behar dituzten. Agian, zalantzan dagoena da epaitu behar dituzten edo ez




