Subscribe to Adierazi

Atxikimendua

Torturaren aurkako jardunaldiak eten dituzte Sevillan

March 6, 2010 by editorea  
Filed under Berriak

2010-03-06. Berria. A. Laskibar.

Aldundiak emana zuen baimena bertan behera utzi du, «inguru abertzaleko kideak» partaide direlako

Sevillako Foru Aldundiak etenarazi egin zituen atzo torturaren aurkako IV. jardunaldiak. Aldundiaren eskumena den Casa de la Provincia egoitzan egitekoak ziren jardunaldiak Torturaren Prebentziorako Koordinadorak (CPT) antolatuta, eta hasi, eraikin horretan hasi ziren atzo goizean. Eguerdian, ordea, baimena bertan behera uzten zuela jakinarazi zien antolatzaileei prestakuntza zentroko arduradunak, telefono dei baten bidez. Ane Ituiño Torturaren Aurkako Taldeko (TAT) kideak BERRIAri azaldu dionez, aurkeztutako programan aldaketak egin zituztela eta parte-hartzaileen artean «inguru abertzaleko kideak» zeudela esanez arrazoitu zuen erabakia Sevillako Aldundiaren ordezkariak.

Ituiñok adierazi duenez, ultraeskuindar talde baten blogean eta El Mundo egunkariaren Sevillako edizioan zabaldu zuten Ituiñok parte hartu behar zuela jardunaldietan. Abokatua EAE-ANVren zerrendetan aurkeztu zela bozetan, eta, beraz, «ETA ingurukoa» dela zabaldu zuten. Horren ondotik etorri zen erabakia.

Torturaren Prebentziorako Koordinadoraren Andaluziako taldeak gogor salatu du Sevillako Aldundiaren jarrera. Eskaerak behar bezala egin zirela azaldu du, eta parte-hartzaile guztiak iragarrita zeudela.

Torturaren aurkako jardunaldiak Espainian torturaren aurka egiteari begirako hausnarketa juridikoak direla azaldu du. Eta, hizlarien artean, fiskalak, Auzitegi Konstituzionaleko abokatuak, unibertsitateko irakasleak, mediku eta abokatuak daude. Areago, ohartarazi du hitzaldien interesagatik Sevillako Unibertsitateak horietan parte hartzen zuten ikasleei kreditua ematekoak zirela. Baina eguerdian aldundiak baimena ukatu, eta 80 aditu eta ikasle kalean utzi zituela salatu du CPTk. Horiek horrela, giza eskubideekiko konpromisorik ez izatea egotzi dio aldundiari, eta baimena kendu izanaren arduradunen aurka auzibidea abiatuko duela jakinarazi du.

Jardunaldiei segida emateko beste leku bat aurkitu zuten antolatzaileek eguerdian, eta ekimenarekin jarraitu zuten arratsaldean. Gaur amaituko dira.

  • Winsor Pilates

Speak Your Mind

Tell us what you're thinking...
and oh, if you want a pic to show with your comment, go get a gravatar!