Subscribe to Adierazi

Atxikimendua

Bide politikoen aldekoak zigortzea kritikatu du EAk

March 4, 2010 by editorea  
Filed under Berriak

2010-03-04. Berria|

Otegiri zigorra jartzea «Espainiako Estatuaren beste astakeria bat» izan zela salatu du Txentxo Jimenezek

Arnaldo Otegi eta bere gisara bide politikoen alde egiten dutenak «ezin dira zigortu» EAko Idazkari nagusi Pello Urizarren irudiko. Gainera, ezker abertzalearekin bat egin du, Otegi zigortzeko erabakia aurretik hartuta zegoela esateko orduan. Jose Mari Sagardui Gatza askatzeko eskatuz egindako ekitaldian esandakoengatik bi urteko espetxe zigorra eta hamasei urteko inhabilitazioa jarri dio Espainiako Auzitegi Nazionalak ezker abertzaleko kideari.

Urizarri gaizki iruditzen zaio Otegi zigortzea, haren arabera, ezin baitaiteke ahaztu bera izan zela ezker abertzalearen eztabaida sustatu zuenetako bat. Eta gogora ekarri du guztiek onartzen dutela eztabaida horrek «aurrerapenak» ekarri dituela.

Espainian botere banaketaz asko hitz egiten den arren, EAren ustez, Auzitegi Nazionalak herenegun publiko egin zuen autoan «argi utzi du oso kutsu politiko sakon bat dagoela». Gainera, «hurrengo auzietan» ere gauza bera gerta daitekeela aurreikusi du.

Otegiri jarritako zigorra «Espainiako Estatuaren astakeria bat gehiago» da Nafarroako Aralarreko koordinatzaile Txentxo Jimenezen irudiko. Urizarrek bezala salatu du botere politikoa eta botere judiziala «nahastuta» daudela, «herri honen gatazkarekin lotura duen guztian». Eskubideen aitorpenari dagokionez, Espainiako Gobernua «atzeraka» dabilela gaineratu du.

Guztiz bestelako iritzia eman du PPk, Otegiren zigorrari buruz. Erabaki horrek «askatasunera hurbiltzen gaitu», esan du Antonio Basagoiti EAEko PPren buruak. «Demokraziak ez du malgua izan behar», gaineratu du.

Barne Ministerioan idatzita

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) oharrean salatu duenez, «Barne Ministerioak erabakitako zigorrak idazten ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak». Epai hori «ondo marrazturiko errepresioaren estrategiaren logikan» sartu du, gainera. Espainiako Gobernuak erabiltzen duen errepresioaren neurriaren erakusgarri da epaia, AAMren arabera: «Edozein herrialdetan ekitaldi politiko baten parte-hartzea eskubide demokratiko bat besterik ez den bitartean, espainiar estatuan terrorismoari loturiko jarduera da», salatu du.

Gatzaren egoera gogora ekartzeko ere baliatu du unea AAMk. 30 urte beteko ditu aurki espetxean, eta bera da Europa osoan preso denbora gehien daraman pertsona. Euskal presoek «muturreko egoerak» sufritu behar izaten dituztela salatu du, eta presoek berek ez ezik, haien senitartekoek ere sufritzen dutela. «Euskal preso politikoentzat benetako Guantanamo bat eraikitzen ari diren bitartean, espetxearekin zigortzen ari dira egoera larri horiek pairatzen dituzten presoei elkartasuna adieraztea».

  • Winsor Pilates

Speak Your Mind

Tell us what you're thinking...
and oh, if you want a pic to show with your comment, go get a gravatar!