Bi urteko espetxea jarri diote Otegiri Gatzaren omenaldiko hitzengatik
2010-03-03. Berria. OIHANA ELDUAIEN.
Auzi berean epaitu zituztenak, Irakulis, Galardi, Etxaburu eta Enparantza, absolbitu egin ditu Espainiako Auzitegi Nazionalak.
Epaiaren arabera, «terrorismoa goratu» zuen Otegik; 16 urteko inhabilitazioa ere jarri dio
Beste behin ere Arnaldo Otegi zigortu du Espainiako Auzitegi Nazionalak, «terrorismoa goratzea» egotzita. Bi urteko espetxe zigorra eta 16 urteko inhabilitazioa jarri dio ezker abertzaleko kideari, Jose Mari Sagardui Gatza aska zezatela eskatuz 2005eko uztailaren 9an Zornotzan egindako ekitaldian esandakoengatik. Hain justu, honako hitzetan ikusi du delitua Angela Murillo buru duen epaimahaiak: «[Euskal Herriaren eszenatoki nazional demokratikoa] euskal preso politikoei, errefuxiatuei eta borrokan utzi ditugun beste hainbat kideri zor diegu, eta lortuko dugu!». Epaiak dio «inolako zalantzarik gabe, terrorismoa goratzen» duela.
Josune Irakulis eta Itziar Galardi ere epaitu zituzten, Otegirekin batera. Haiei ere «terrorismoa goratzea» egozten zien akusazioak, baina, halakorik ez dela frogatu argudiatuta, absolbitu egin ditu. «Legez kanpoko bilkura» egitea eta «legez kanpoko elkartzea» egitea ere egozten zien hirurei akusazioak, baina epaimahaiak absolbitu egin ditu guztiak akusazio horietatik. Auzi berean, baina aparte, Jon Enparantza eta Estanis Etxaburu ere epaitu zituzten, eta absolbitu egin dituzte haiek ere, beste auto batean. Bi haiek ez ziren agertu Madrilen epaiketa egitekoa zen egunean. Atxilotuta eraman zituzten, eta egun batzuk geroago egin zieten epaiketa.
Erabakiaren berri emateaz gain, «preso politikoak» zeintzuk diren eta zeintzuk ez diren azaltzen du epaiak, eta euskal errefuxiatuen definizio bat ere egiten du. Gainera, «irrigarritzat» jotzen du Otegik ekitaldi hartan Nelson Mandelaren eta Gatzaren artean egin zuen konparazioa.
Epaiaren arabera, ekitaldian esan zuen esaldi horrekin-epaiketan bertan itzuli zuten hitzaldia euskaratik gaztelerara-, «maila gorenera» igo zituen Otegik preso eta errefuxiatuak. «Euskal Herriaren merezidun izateko adina, haiek jotzen baititu aldaketa handi horren egiletzat». Epaileak dioenez, «imajinaezina da haientzat [preso eta errefuxiatuentzat] laudorio handiagorik». Beraz, preso eta errefuxiatuak goratuz «terrorismoa goratu» zuela dio.
Otegik, euskal preso politikoak terminoa gaizki erabiltzen duela dio epaiak, eta preso politikoak beharrean «ustezko terrorismo delituengatik» badaezpadako espetxealdian dauden pertsonez edo «frogatutako terrorismo delituengatik» preso daudenez ari dela. Ezker abertzaleko kideak errefuxiatuei erreferentzia egiten dienean zeini buruz ari den ere zehazten du: «Ustezko terrorismo delituengatik jazartzen dietelako Espainiatik kanpo daudenei buruz aritzeko bakarrik erabiltzen da hitz hori». «Edozein harritzeko moduko gaiztotasun infinitua» duten ustezko ekintza horiek «ETAren adar armatuko kide diren beren nagusien peoi soil gisa jokatuta edo zorigaiztoko helburu horiek burutzeko zuzeneko edo zeharkako laguntzaile izanda» egiten dituzte, gainera, errefuxiatuek, epaiak jasotzen duenez.
Mandela versus Gatza
Otegik Zornotzako ekitaldian Nelson Mandelarekin alderatu zuen Gatza. Konparazio horrengatik Otegi zigortzerik ez daukala onartu du epaimahaiak. Baina «desegoki eta faltsutzat» jotzen du, eta honako azalpen hau ematen du: «Nelson Mandela preso politiko bat izan zen, eta Sagardui, bestalde, izaera terroristako oso delitu larriengatik zigortutako presoa. Zein zerikusi du batak bestearekin? Batere ez, batere ez».
Hori esanda, Espainiako espetxeetan preso politiko «bakar bat ere ez» dagoela azpimarratzen du, gainera, epaiak. Preso politikoak «ideia politikoengatik askatasuna kendu zaien pertsonak» dira, Murillok gidatutako epaimahaiaren arabera, «eta gure herriko kartzeletan ez dago ezaugarri horietako presorik, bat bera ere ez».
Gatzaren omenaldian esandakoengatik akusatuen aulkian eseri zenean, «terrorismoa goratzea» egotzita Auzitegi Nazionalean epaitzen zuten hirugarren aldia zuen Otegik. Jose Miguel Beñaran Argala zenaren omenaldian parte hartzeagatik ere epaitu eta zigortu zuten aurretik, eta Martuteneko espetxean bete zuen jarri zioten 15 hilabeteko espetxe zigorra. Olaia Kastresana zenaren omenaldian parte hartzeagatik ere epaitu zuten, baina orduan akusazioa erretiratu zuen Fiskaltzak, eta libre utzi behar izan zuten.
Beste hiru auzi ere baditu. Bateragune deiturikoa da bat; hain justu, Otegi azkena espetxera eraman zuen auzia. Herriko tabernekin lotutako 35/02 auzian ere auzipetuta dago. Epaiketarako bidean dago auzi hori, eta 14 urteko espetxea eskatzen du Fiskaltzak Otegirentzat. Anoetako Belodromoan egindako ekitaldikoa da Otegiren kontra zabalik dagoen hirugarren auzia. 18 hilabeteko espetxea eskatzen du Fiskaltzak, «desobedientzia» egitea egotzita.
EPAIAREN ZATIAK
Hemen, hitzez hitz, Arnaldo Otegiren kontrako epaiak jasotzen dituen hiru pasarte.
«Nelson Mandela preso politiko bat izan zen, eta Sagardui, bestalde, izaera terroristako oso delitu larriengatik zigortutako presoa. Zein zerikusi du batak bestearekin? Batere ez, batere ez».
« Preso politikoak beren ideia politikoengatik askatasuna kentzen zaien pertsonak dira, izan preso moduan edo izan zigortu moduan. Eta horietako bakar bat ere ez dago gure herriko espetxeetan, bakar bat ere ez».
«Mandela egiazko heroia izan zen. Arrazoi ideologikoengatik egon zen preso, horregatik bakarrik, baina inoiz ez zuen erabili indarkeria, eta Hegoafrikan apartheid-a kentzeko helburuekin erabiltzerik ere ez zuen babestu».
«Aldez aurretik idatziriko sententzia» dela salatu du ezker abertzaleak
O.E.
Ezker abertzalearen «apustu politikoa oztopatzeko» beste saio bat da Arnaldo Otegiren kontrako epaia, ezker abertzalearen irudiko. Ahalegina «antzua» dela ohartarazi du, eta ezker abertzalea bere bidetik ez dela aterako dio: «Gure erantzuna Prozesu Demokratikoa lehenbailehen itzulerarik gabeko errealitate izan dadin baldintzak indartzeko lanean jarraitzea izan behar du. Horri dio beldurra Rubalcabak».
«Forma minimoak zaindu ez zituen eta fartsa hutsa izan zen epaiketa batentzat aldez aurretik idatzitako sententzia» dela salatu du. Gainera, Hegoafrikako historiarekiko «ezjakin» izatea eta Euskal Herriari buruz «manipulatzea» egotzi dio Auzitegi Nazionalari.
Aralarrek ere kritikatu egin du Espainiako Auzitegi Nazionalak ateratako epaia. «Legedi antiterroristaren» oinarrian dauden legeak aldatzeko lanean ari direla ekarri du gogora.




